Narrazioa

Orbitetatik kanpo

Ahizpa maitea:
      Lehenik agurrik beroenak.
      Nire egoera azaltzeko idazten dizut gutun hau.
     Jadanik urte bat bada etxetik alde egin zenuen unetik. Urtebete, zure berririk ere jakin gabe sufritze latz honetan gaudenetik, edo ondo zabiltzan jakiteko aukera eder hori galdu genuenetik. Baina zu atmosferako orbitetatik kanpo zauden bitartean, hemen mundua ez dago geldirik.

    Orain neguaren lehen egun gogor horietan gaude, hotza eta egun beltzak besterik ez direnean ageri bezalako egun horietan. Zuk txikitatik gogoko izan dituzu egun horiek, bakardadean lasai uzten zizuten egunak zirela esaten zenidala daukat gogoan. Nik ere gogoko nituela esaten nuen harren barren barrenean banekien gorroto nituela, zure antzekoa izan nahi nuelako bakarrik esaten nuen, eta orain zu ez zaudela ez dauka zentzurik berdina esaten jarraitzeak. Egia da, gorroto ditut, gorroto ditut egun hotzak eta baita horrek ekartzen dizkidan oroitzapen gazi-gozoak ere.

  Joan den udaberrian amona oso larri gaixotu zen, egunak pasa ahala gero eta ahulago zegoela antzematen nion, baina galdetzen nion bakoitzean tontakeria hutsak zirela esaten zizkidan. Uda hasieran ordea ospitaletik deitu ziguten, amonak asko borrokatu zuen arren ezin izan zuela aurrera jarraitu. Familian indartsua izaten ahalegindu nintzen, zuk esango zenizkidan esperantzaz beteriko esaldi horiek gogora ekarriz. Gurasoek ere egoera ondo eramatea lortu zuten. Eta gutxika-gutxika miraria gertatu da: ondo gaude.

    Orain arte kontatutako desgraziak alde batera utzita gauza goxoagoak kontatzearekin hasiko naiz. Izan ere, uda honetan mutil bat ezagutu dut, ez dut ondo ezagutzeko denbora asko izan, baina nahikoa izan du nire bihotzeko azken zulotxoa ere bereganatzeko. Bera izan da etxeko giro triste eta sumindua, alaitasunera eta poztasunera eramaten lagundu diguna eta bizi osorako eskertuta egongo natzaio.

    Egia esan, zure oroitzapena oraindik oso bizi daukat, oroitzapen horiek baitira inork ostuko ez dizkidan altxorrak. Eta gogoan dut txikitan teleskopioarekin jolasten genuen bakoitzean zuk zeruko izar horietara bidaia amaigabe bat egitea nahi zenuela esaten zenidanean, mundu txiki hau beste ikuspuntu batekin ikustea eta jendeak inoiz ikusiko ez duena ikustea nahi zenuela. Txikia zinen eta nagusiek umekeriak zirela esaten bazizuten ere zuk barruan gordeta zeneukan indar guztiekin eutsi zenion amets horri. Eta nik amets zoro hori egi bihurtzeko, lagundu besterik ez nizun egin, horrek nigan edukiko zituen eraginei kasu zipitzik ere egin gabe.

   Baina indartsua naiz eta badakit eragin horiei aurre egitea lortuko dudala. Badakit zu nirekin zaudela edonora noala ere, eta egunen batean berriz etxera etorriko zarenaren esperantzak ditut. Berriz hemen ikusi nahi zaitut, nire ondoko logelan hutsik dagoen ohea berriz beteta ikusi eta familia bere osotasunean nahi dut eta badakit egunen batean berriz horrela izango dela.

Besterik gabe, asko maite zaitugu.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Sodioaren Eredu Atomikoa

Bait-partikula