Jaioberrian antibiotikoak hartuta epe luzean kalteak sor ditzake?

Jaioberritan antibiotikoak hartzeak epe luzera ondorio kaltegarriak dituela ondorioztatu du ikerketa batek. Dagoeneko baziren kalte horien ebidentziak, batez ere dosi handitan erabilita, baina oraingoan, saguekin egindako ikerketa batek agerian utzi du dosi txikitan erabilita ere epe luzeko kalteak eragiten dituela osasunean.
Hesteetako mikrobiota eraldatzen du; erantzun immunea erregulatzen duten zitokinen kontzentrazioa handitzen du garunean; hesi hematoentzefalikoaren iragazkortasuna aldatzen du; eta, azkenik, portaera soziala murriztu eta jarrera jazarkorra areagotzen du. Bi sexuetan ikertu dute, eta berdin uzten ditu kalteak epe luzean. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Bestetik, ikusi dute antibiotikoarekin batera probiotiko bat hartu dutenean (Lactobacillus rhamnosus bakterioa), alterazio horietako batzuk partzialki murrizten direla. Baina ikerketa gehiago behar direla aipatu dute, antibiotikoak jaioberriekin erabiltzeak geroko desoreka neuropsikiatrikoetan duten eragina murrizteko balio ote lezakeen frogatzeko.
Ikerketaren egileek nabarmendu dute jada argi dagoela mikrobiotaren konposaketak garunaren funtzioak eraldatzen dituela, jarrera soziala barne. Dagoeneko ikerketa askok erakutsi dute hesteetako bakterioen erabateko gabeziak eragiten duela hesi hematoentzefalikoarearen iragazkortasuna aldatzea, mikrogliaren erantzun immuneak okerrera egitea, mielinizazioa areagotzea, hipotalamoan hiperaktibitatea azaltzea, garunaren neurokimika aldatzea, eta antsietatea eta portaera sozialak murriztea.
Iturria: http://zientzia.eus/artikuluak/haur-txikiei-antibiotikoak-emateak-epe-luzeko-kalt/   

Iruzkinak