New Yorkeko eta Torontoko Unibertsitateko ikertzaileek diseinatu duten algoritmo baten bidez, ordenagailuak kontzeptu berri bat ezagutzea eta harekin erlazionatutako beste kontzeptu batzuk identifikatzea lortu dute, oso adibide gutxitan oinarrituta. Ikertzaileek zaldu dutenez, adimen artifizialeko sistemek adibide asko behar izaten dituzte kontzeptu bat ezagutzeko. Adibidez, edozein zuhaitz ezagutzeko, hau da, zuhaitzaren kontzeptuaz jabetzeko, aurretik zuhaitz desberdinen milaka adibide erakutsi behar izaten zaizkie. Gizaki helduetan, hori ez da beharrezkoa: nahikoa da zuhaitz bakar bat edo gutxi batzuk ikustea, zuhaitzaren kontzeptua ulertzeko, eta edozein zuhaitz identifikatzeko. Orain, ordenagailuak ere hori egitea lortu dute, baina ez zuhaitzekin, hizkiekin baizik. Hala, ikasketa-programa bayesiar bat erabilita, ordenagailuak hizkiak ezagutzeko ahalmena du, eskuz zein ordenagailuz idatzitakoak.