Txernobyl inguruan animalia basatiak ugaritzen ari direla frogatu dute
Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendia gertatu zenetik ia 30 urte bete direnean, erradioaktibitateak kutsatutako eremuan ugaztun handiak ugaritzen ari direla frogatu du epe luzeko ikerketa batek. Are gehiago: espezieetako batzuk hondamendiaren aurretik baino ugariagoak dira gaur egun. Portsmouth Unibertsitateko Jim Smith ikertzaileak gidatu du lana, eta Current Biology aldizkariak argitaratu du artikulua. Istripu nuklearrak kutsatutako eremua erradioaktibitatearen ondorioak ikertzeko laborategi bihurtu da. Hala, espezie askotan erradioaktibitateak duen eragin kaltegarria erakutsi dute hainbat ikerketek, besteak beste, hegaztietan, arrainetan, intsektuetan eta araknidoetan. Orain argitaratutako ikerketan, ordea, Bielorrusiako kutsatutako eremuan bizi diren ugaztun handiei erreparatu diete. Animalia-kopurua kalkulatzeko, bi metodo erabili dituzte: batetik, 1987tik 1996ra, neguan helikopteroz egindako zenbaketa zuzenak; eta, bestetik, 2008tik 2010era, animaliek elurretan utzi