Siriar Errefuxiatuak

SIRIAR ERREFUXIATUAK
2011. urteko urtarrilaren 26an hasi zen Siriako Gerra Zibila Bashar al-Assadek zuzendutako armada eta matxinoen artean; hasieran, giza eskubideen aldarrikapen bat baino ez zen, baina, beranduago, Estatu Islamikoa matxinoekin batu zen eta ondorioz, bortizkeria nagusitu zen. Gaur egun, oraindik, bakea sinatu gabe jarraitzen dute, eta egoera inoiz baino beroago dago mundu internazionalean.
Lehenengo liskarretik gaur arte, 150.000 hildako identifikatu dira jada eta azken aldian, gerrako indarkeria maila izugarri areagotu da, Siriar hiritarrentzat egoera jasangaitza bilakatu den arte; horregatik, ihes egitea erabaki dute hainbatek eta badira bi milioi baino pertsona gehiago herrialdetik ihes eginda, edo saiakera horretan jarduten dutenak, herrialde osoaren biztanleriaren %11, Jordania, Libano, Turkia edo Egipto bezalako herrialdeen mugak gainditzeko asmoz.

Baina Afrika eta Asiako herrialde hauetaz gain, milaka Siriarrek Europara heltzea ere lortu dute, eta hor hasten da nazioarteko liskar hau. Europara etengabe errefuxiatuak ailegatzen ari zirela ikustean, ateak itxi zaizkie, eta ekialdeko herrialdeek batez ere, oztopoak indartu dituzte beraien mugetan. Erabaki honek, ez die inolako onurarik ekarri errefuxiatuei, eta inoren lurraldean geratu dira inolako aukerarik gabe. Ezin dute muga gainditu, polizien eta baita kazetarien eskutik itzelezko jipoiak jasotzen dituztelako, eta beraien bizilekuetara ere ezin dira bueltatu, gerraren kaltetan oso arriskutsua den zonalde bat delako. Eta hori guztia gutxi balitz, pertsona hauen egoerak guztiz kaskarrak dira, inolako baliabide eta babes gabe. Beraz, hari honi helduz, hurrengo galdera hau planteatzea gustatuko litzaidake: Zer gertatuko da Siriarrekin negua eta honekin batera euria eta tenperatura baxuak heltzen direnean? Hausnarketara deitzen duen galdera interesgarri bat.

Bestalde, konponbideen bila jartzen bagara, Europar Batasunak esaterako, errefuxiatuen banaketa plan bat antolatu du kide diren herrialde guztien artean. Hain urruti joan gabe, eskala txikiagoan, baina, zerbait lagunduz ere, Madrilgo gizon batek, mugetako batean kazetari baten eskutik jasotako indarkeria jasan zuen familia famatua, Espainiara ekartzea lortu eta etxebizitza eta lana eskaini zien. Eta informazioa biltzen jarraituz gero, horrelako beste hainbat kasu aurkituko genituzke seguraski, baina, nahiz eta laguntza txiki hauek eskertzen diren, nire ustez benetako arazoa, bi elementutara muga dezakegu; lehenengoa eta dudarik gabe garrantzitsuena, Siriako gerra eta ondorioz egunero hiltzen diren milaka pertsonak. Eta, bigarrena, mugak ixtea eta errefuxiatuei jartzen zaizkien gehiegizko oztopoak. Beraz, uste dut gobernuak alde batera utzi beharko lituzketela ospe ona irabazteko soilik egiten dituzten ekintza txiki horiek, eta aipatutako bi puntu horietara bideratu beharko lituzketela benetako konponbideak.   





Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Bait-partikula

Sodioaren Eredu Atomikoa