Marteko ura martetarrena da

Marten ur likidoa egon daitekeela iradokitzen duten zantzuak aurkitu izana asteko zientzia-albistea bihurtu da. Horrekin lotuta, Marten bizidunak aurkitzeko aukera aipatu dute bai zientzialariek bai kazetariek, eta indartu egin da gizakiak Martera bidaltzeko egitasmoa.
Alabaina, Martera bidaiatzerako oztopo handi bat gainditu behar dela ohartarazi du Lee Billings adituak Scientific American aldizkarian. Oztopo hori ez da distantzia, dirua edo politikarien edo gizartearen babes-falta, baizik eta balizko martetarrak eta haiei zor zaien errespetua.
Billingek gogorarazi duenez, 1967ko Nazio Batuen Kanpo Espazioaren Itunak gure mundutik kanpo dauden beste munduak kutsatzea debekatzen du. Marteren kasuan, 2002an, bizidunak hazteko leku aproposenak identifikatu eta "babes bereziko leku" izendatu zituen COSPAR nazioarteko erakundeak. Hala, Marten dabiltzan ibilgailuek ezin dute leku horietarako joan, badaezpada ere.
Kontuan izanda robot batean Ilargian bi urte eta erdiz biziraun zuten bakterio lurtarrak topatu zituztela, COSPARen zuhurtziak ez dirudi neurriz kanpokoa. Martera ezer bidali aurretik, ondo esterilizatuta dagoela bermatu beharra dago; bestela, bizidunen bat topatuz gero, lurtarra izatea gerta daiteke, eta ez martetarra. Eta, Billingen esanean, oraingoz ez dago modurik gizakiak bidaltzeko baldintza horietan. Horrenbestez, badirudi urte dezente joango direla gizakia planeta gorriaren zorua zapaltzen ikusterako, zer eta balizko martetarren erruz.




marteko-ura-martetarrena-da

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Bait-partikula

Sodioaren Eredu Atomikoa