Loaldian garbitzen da garuna
Burua ondo edukitzeko, lo
egitea garrantzitsua dela edonork esango genuke. Estatu batuetako ikertzaile
batzuek saguetan ikusi dute garbitu egiten dela garuna loaldian.
Zelulen artean mugitzen den
fluidoak eramaten du garunean pilatzen den zaborra zirkulazio-sistema
orokorrera, hark, gero, gibelera eramateko. Ikertzaileek bazuten susmoa
garbiketa-prozesu hori gaueko lan bat izan zitekeela; energia dezente xahutzen
duenez, garuna esna dagoenean egin beharreko beste lan guztiekin bateragarria
izango ez zelakoan. Ikerketa batean baieztatu dute hori hala dela. Ikusi dute
sistema askoz ere aktiboagoa dela saguak lo daudenean. Hain zuzen, lo daudenean
kanporatzen duten zaborraren % 5 baino ez dute kanporatzen esna daudenean.
Gainera, lo daudenean garuneko zelulak txikitu egiten direla ere ikusi dute,
eta, ondorioz, zelulen arteko espazioa % 60 handitzen dela. Horrek
garbiketa-sistema eraginkorragoa egiten du.
Ikertzaileek nabarmendu
dute garbiketa-sistema horrek nola funtzionatzen duen jakitea garrantzitsua
dela, garunean pilatzen den zaborrarekin lotura baitute hainbat gaixotasunek.
Alzheimerra, esaterako.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina